Nerea y Martina

Abel Barcenilla-(r)en eskutik

  • Nerea y Martina
  • 3 y 6 urte
  • Castellón
  • 25/09/18

Hilketa zital bat emakume baten aurkako mendeku. Ricardo Carrascosa Garcia izeneko 46 urteko gizonak matxismoaren zentzugabekeria hiltzailea aukeratu zuen. Gaitz izugarri horren pasarte berri bat bizi izan da astearte honetan Castellon (Valentziako Erkidegoa), gizonak bere bi alaba Nerea eta Martina labankadaka hil dituenean. Hilketa makabroa gauzatu ostean etxebizitza zegoen seigarren solairuko leihotik botata egin du bere buruaz beste.

Duela urtebete gertaturiko banaketaren ostean hasi zen Ricardo eta bere bikote ohiaren arteko borroka. EL ESPAÑOLek hurbileko iturrietatik jakin duenez, Ricardo langabezian geratu zen aspaldi, eta emazte ohiari eta dibortzio prozesuari botatzen zien bere arazo guztien errua. Harekin harremana zuten hainbat bizilagunek azaldu dute kontuak enbargatuta zituela.

Ricardok auzokoei esandakoaren arabera, bere arazo ekonomikoak emazteagandik banatu izanak eragin zituen. Haren ezagunek diotenez, alaben zaintza amaren esku bakarrik geratzearen beldur zen. Gizonak emazte ohi Itziarri egin daitekeen minik handiena egitea erabaki zuen, guztiarekin modurik koldarrenean akabatzea: parrizidioaren zitalkeria.

Martinaren eta Nerearen heriotza azken 24 orduetan gertaturiko laugarren krimen matxista izan da. Bilbon lepoa moztu diote 25 urteko emakume bati. Ertzaintza haren bikotearen bila dabil. Maracenan, gizon batek hainbat sastakada eman dizkio 39 urteko bere bikote ohiari, hura hil arte.

Entzungor egin zitzaien aurreko bi abisu. Ricardok gauzaturiko hilketa bikoitza Itziar harengandik banandu eta urruntze agindu bat eskatzera eraman zuen tentsio egoera gero eta biziago baten azken maila izan da. Emakumearen aurkako Indarkeria Auzitegian hiltzailearen aurkako bi prozesu daude jasota. Lehenengoa, urtarrilekoa. Han emakumearen parte mediko bat jaso zuten. Otsailean bigarren bat ireki zen, Itziarrek bikote ohiaren mehatxuak salatu ostean.

Biak artxibatu zituzten fiskalak eta ez deklaratzea erabaki zuen emakumeak hala eskatu ostean. Itziarrek eskatutako urruntze agindua bi aldiz ukatu zioten fiskalak eta epaitegiak. Emakumeak errekurtsoa jarri zuen, baina gero uko egin zion agindua eskatzen jarraitzeari. Bere kabuz jarraitu zuen, salaketa partikularrarekin, Ricardok eginiko mehatxuengatik irekitako prozesuan.

Ricardo rock musikaren zale amorratua zen eta oso maiz joaten zen bere talde gogokoenen kontzertuetara handik hurbil zirenean. Martinak 3 urte zituen. Nereak 7 beteko zituen azaroan.

Itziar eta Ricardo ez ziren elkarrekin bizi aspaldi. Emakumeak eskatu zuen banaketa. Etxetik alde egin eta handik hurbil zegoen apartamentu batera joan zen bizitzera, haurrengandik gertu egon ahal izateko. Haurrek aitaren etxean egiten zuten lo, Rio Adra kalean, Castello erdialdean. Hori zegokion Ricardori bizikidetza aldi gisa; egunaren gainerako zatia Itziarrekin igarotzen zuten.

Emakumeak ezagun zuen tragedia, baina epaitegietan ez zioten entzun. Otsailaren 24an mehatxuen aurkako salaketa jarri zuen guardiako epaitegian. Familia epaitegiak, gurasoek adosturiko erabakia oinarri hartuta, bisita erregimena eta etxebizitzaren erabilerarako behin-behineko neurriak ezarri eta bi astera izan zen.

Ricardo Jaengo Villanueva del Arzobispo herri txikikoa zen, eta azulejugile gisa egiten zuen lan Castellon. Alabak lapurtu dizkioten eta bizirik egon harren hil egin dutela sentitzen duen emakumeak gizarte hezitzaile gisa egiten zuen lan inguruko zentro batean. Itziarrek psikologia ikasi zuen urte luzez Konplutentse Unibertsitatean, oraindik ibilbide profesionalari ekin ez zionean.

Gertakariak goizeko bost eta erdietan gertatu ziren. Kale bereko bizilagun askoren ahotan dago hilketa, oraindik ere nahiko irreala edo sinesgaitza dirudien giro batean. Bi haurtxoren odol hotzeko hilketa benetan gertatu denik sinestea ezinezkoa iruditzen zaie.

Bizilagunetako bat etxera bueltan zen, lanetik, bost eta erdietan. Oraindik ilun zen. Eraikinaren atean, gorantz doazen leiho zerrendaren aurrean, gorpu makaldua aurkitu zuen lurrean. Ricardoren gorpu bizigabea zen. Goian, seigarren solairuan, leihoa irekita zegoela ikus zitekeen. Suizidioaren zantzu argiak ziren.

Laster jarri zituen agintariak jakinaren gainean. Egunkari honek jakin duenez, Polizia Nazionaleko agenteek bizilagunei eginiko lehenengo galderekin gizona nor zen eta zer baldintzatan bizi zen jakin nahi izan zuten; ba ote zuen bikoterik, seme-alabarik. Orduan, gogoratu ziren etxe hartan gizonaren bi alaba txikiak bizi zirela, eta agenteei jakinarazi zieten.

Aitaren gorpua aurkitu ostean, poliziak etxera igo ziren alabei laguntzeko. Etxean sartzen saiatu ziren eta konturatu ziren sarraila barrutik itxita zegoela. Suhiltzaileei deitu eta azkenean atea eraitsi behar izan zuten barnean lazgarrikeria hura aurkitzeko: neskatxoen gorpuak hantxe ziren, hilda, odol putzu baten erdian eta hainbat sastakada jaso izanaren arrastoekin.

Handik kale gutxira, Itziarrek gertatutakoaren berri izan zuen eta korrika irten zen etxe hartarantz. Medikuek ezin izan zuten ezer egin haurren bizitza salbatzeko, haien heriotza berretsi besterik ez. Itziarrek, minaren minez, ezin zion garrasi egiteari utzi. Amona ere heldua zen hara. Nerbio atakeak eta antsietatea zituzten biek eta ospitaleratu egin behar izan zituzten.

Tragediak minak apurtutako ama bat utzi du, baita hari ahalik eta minik handiena ematen saiatzeko inolako errurik ez zuten alabak hil zituen aita suizidaren mendeku gosearen ondorioz abaildutako auzo bat ere.

Martina eta Nerea, 4 eta 6 urtekoak, indarkeria matxistaren aurtengo hogeita hamalau eta hogeita hamabosgarren biktimak izan dira.

Iturria: El Español
scroll