Maguette

Belén Lucas-(r)en eskutik

  • Maguette
  • 25 urte
  • Bilbao
  • 25/09/18

Maguette Mbeugou-k 25 urte eta bi alaba zituen, eta etorkizun bat aurretik. 2018an Bilbon eraildako lehen emakumea da, eta Ollerías Altas kaleko bere etxean sastakatu zuen, ustez, bikotekideak. Senegaldar jatorriko familia honek hiru urte zeramatzan bertan bizitzen, eta krimen honek matxismoaren izurriaren eredua guztiz betetzen du. Emakumeak jada aurkeztua zuen salaketa bat Udaltzaingoaren aurrean 38 urteko senarraren kontra, genero indarkeriagatik, eta, hortaz, Ertzaintzak hasieratik jo zuen hura hilketaren susmagarri nagusitzat. Zenbait orduz desagertuta egon ondoren, krimenaren ustezko egilea 19:00 inguruan atxilotu zuten Mutrikun (Gipuzkoa), eta polizia etxera eraman zuten aitorpena hartzeko; orain, homizidio delitua leporatzen diote.

Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman zutenez, 13:00 inguruan bizilagun batek alerta jo zuen, afrikar senar-emazteak 2 eta 4 urteko alabekin bizi ziren 25. zenbakiko etxebizitzan zerbait gertatu zela susmatzen zuelako. Erasotzaileak lepoa moztu zion biktimari bi adingabeen aurrean, baina emakumeak beste zauri bat ere bazuen gorputzean. Forentseak etxe barruan lanean ari ziren bitartean, poliziek Ollerías Altas kaleko zati handi bat itxi zuten 16:45 inguruan, eta biktimaren odola egon zitekeen bi lekutan seinaleak jarri zituzten. Era berean, erasotzaileak homizidiorako erabilitako arma aurkitzen saiatu ziren inguruetan dauden edukiontzietan.

Bizilagunek adierazi zutenez, bikote zoragarria” zen eta inoiz ez zituzten eztabaidatzen ikusi. Ez gutxienez astelehen goizaldera arte, 5:30ean “zarata handiak” entzun baitzituzten haien etxean. Eraikineko beste bizilagun batek adierazi zuenenez, atzo, 8:00 inguruan, senar-emazteak bizi ziren etxeko atea erdi irekita ikusi zuen, zabor poltsa batek eusten ziola. “Ez dut inolako zaratarik entzun, ezer ere ez. Semeak deitu dit zer gertatu den kontatzeko”, adierazi zuen 27. zenbakian bizi den Cipriana Román-ek.

Iturria: Deia
scroll