Sacramento

Balu-(r)en eskutik

  • Sacramento
  • 36 urte
  • Palma
  • 16/11/18

Sacramento Rocak, ostiral honetan Palmako altzari denda batean lanean ari zela bikotekide ohiak erail zuen 36 urteko emakumeak, salaketa jarri zuen duela bost egun Polizia Nazionalaren Buruzagitzan, norbaitek ibilgailuaren gurpilak zulatu zizkiolako eta hiriburuko kaleetan zenbait kartel jarri zituelako; karteletan sexu zerbitzuak eskaintzen ziren eta bere telefono zenbakia agertzen zen. Sacramentok susmatzen zuen bikotekide ohia, Rafael Pantoja 45 urteko segurtasuneko jagolea, egon zitekeela gertaera horien atzean.Bikote harremana urri hasieran amaitu zen, baina gizonak ez zuen onartzen eta, ikerketako iturrien arabera, behin baino gehiagotan Sacramentoren lantokira joan zen eta bikote harremana berriro hasteko eskatu zion.

Hilketa joan den ostiralean gertatu zen, arratsaldeko bostak inguruan, biktima Palmako altzari denda ezagun batean lanean zegoen bitartean; hamabost urte zeramatzan bertan lanean.Bikotekide ohia, segurtasuneko jagole bat, hiriburuko epaitegietan oso ezaguna zena haietan lan egin zuelako hainbat urtez, inork ikusi gabe sartu zen dendan eta Sacramentori jauzi egin zion gainera, atzealdetik, labana eskuan.Bost sastakada baino gehiago eman zizkion, haietako batzuk hilgarriak, une hartan dendako kutxako ilaran zeuden bezeroak oihuka hasten ziren bitartean.Pantojak ihes egin zuen eta inguruko kaleetako batean ezkutatzen saiatu zen, baina zerbitzuz kanpo zegoen udaltzain batek eta segurtasuneko jagole batek atzetik jarraitu zioten, eta hari eustea lortu zuten polizia patruila bat iritsi zen arte.

Osasun zerbitzuek lekuan bertan artatu zuten biktima.ZIU mugikor batean etorri ziren medikuak emakumea suspertzen saiatu ziren hainbat minutuz, baina sastakadetako batzuk organo bitaletan jaso zituen eta ezin izan zuten ezer egin haren bizitza salbatzeko.Pantoja dendako aparkalekutik gertu atxilotu zuten, eta han aurkitu zuten ere emakumea hiltzeko erabili zuen arma.Denda itxita egon zen arratsalde osoan eta ikertzaileek aitorpena hartu zieten bezeroei eta Sacramentoren lankideei; denak atsekabetuta zeuden gertatutakoagatik.Dendako segurtasun kameretako irudiak ere berrikusi zituzten, krimena grabatuta gelditu baitzen haietan.

Bikoteak urriaren 13an eten zuen harremana eta harrezkero Pantoja, kulturista eta bi seme-alabaren aita dena, behin baino gehiagotan joan zen Sacramentoren lantokira eta bikote harremana berriro hasteko eskatu zion.Ikerketako iturriek azaldu dutenez, segurtasuneko jagoleak askotan deitzen zion Sacramentori, harremana berriro has zezaten eskatzeko. Baina Sacramentok bere bizitza egiten jarraitu zuen, aurreko bikotekideekin izandako bi seme-alabekin batera. Azaroaren 12an, lanetik atera zenean, autoko gurpilak zulatuta aurkitu zituen.Polizia Nazionalaren komisariara joan zen salaketa jartzera, eta adierazi zuen uste zuela erasotzailea bikotekide ohia izan zitekeela.

Gainera, poliziei jakinarazi zien Son Oliva auzoko kale batean eta hiriko tren estazio intermodalean kartelak aurkitu zituela, zeinetan sexu zerbitzuak eskaintzen ziren eta emakumearen telefono zenbakia agertzen zen. Eta Sacramentok adierazi zuen kartelen egilea ere bikotekide ohia zela susmatzen zuela.Poliziei azaldu zien haien arteko harremanak urtebete iraun zuela eta denbora horretan ez zuela tratu txarrik jaso, baina gizonaren jarrera aldatu egin zela harremana eten zutenetik; sarritan telefonoz deitzen zion eta lantokira joaten ere hasi zen.

Polizia Nazionaleko agenteek krimena ikertzen jarraitzen dute. Larunbat honetan aitorpena hartuko zaie biktimaren eta hiltzailearen senitartekoei eta lekukoei. Hiltzailea Son Espases-eko ospitalera eraman dute, Palmako Polizia Nazionalaren Buruzagitzako kalabozoetan bere burua zauritzen saiatu baita.Astelehenean Vía Alemaniako Epaitegietan epailearen esku jartzea aurreikusten da; zenbait hilabetez bertan lan egin zuen.

Iturria: El País
scroll