Pilar

Marcos Navarro-(r)en eskutik

  • Pilar
  • 57 urte
  • Granada
  • 04/02/18

Pilar Cabrerizo, igande honetan ustez bikoteak Guadixen hil duen 57 urteko emakumea, buruan jasotako hainbat kolperen ondorioz hil zen, Guardia Zibilak esan duenez. Larunbatean alaba bisitan joan zitzaion Pilarri. Gauerdiaren ostean, alaba etxetik irten zen. Igande arratsaldean, Pilarren bikotea, 73 urtekoa, Guardia Zibilaren koartelera joan zen emakumearen desagertzea salatzeko, eta azkenean heriotzaren errudun zela aitortzen amaitu zuen. Emakumearen Andaluziako Erakundearen arabera, ez zegoen tratu txarren salaketarik.

Bikotekideak aitortutakoaren arabera, igande goizaldean eztabaidatu egin zuten eta azkenean buruan kolpeka hil zuen emaztea. Autopsiak berretsi ez badu ere, antza mailu batekin eraso zuen. Pilar Cabrerizoren hilotza Granadako Auzitegi Medikuntzako Erakundera eraman dute autopsia egiteko. Poliziaren aurrean eginiko adierazpenean, ustezko hiltzaileak esan zuen emaztea hil ostean hurbileko leku batera eraman eta lurperatu egin zuela. Igande arratsaldeko zazpiak igaro ostean, trenbidearen alboan dagoen Geltokiko auzoan, etxetik kilometro eskasera, aurkitu zuten gorpua.

Pilar Cabrerizo Granadan jaioa zen. Lau seme alaba zituen. Hainbat iturriren arabera, lehenengo bikoteagandik dibortziatuta zegoen. Polizia iturriek diotenez, tratu txarrengatiko salaketa bat jarri zuen duela hamar urte bigarren bikote baten aurka.

Iturria: El País
scroll