María del Mar

Irantzu Lekue-(r)en eskutik

  • María del Mar
  • 21 urte
  • Granada
  • 11/05/18

24 urteko gazte batek 21 urteko neskalaguna hil zuen ostegun gauean eskopetaz tiro eginda Las Gabias-eko (Granada) tiro eremuan, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren eskopeta berarekin. Guardia Zibila ikertzen ari da istripua ala genero indarkeriako kasua izan ote zen.

Gaueko bederatziak inguruan gertatu zen, Granadatik gertu dagoen herri honetako tiro eremuko galerietako batean. Instalazioko langileek neskaren hilotza eta eskopeta tiroen ustezko egilea larriki zaurituta aurkitu zituzten, ikerketako iturrien arabera.

Larrialdietako zerbitzuak iritsi zirenean, biak hilda zeudela egiaztatu besterik ezin izan zuten egin. Neskak inoiz ez zuen salaketarik jarri eta, lekukoek adierazten dutenez, biek normaltasunez jokatu zuten tiro eremuan. Ikertzaileek momentuz ez dute inolako hipotesirik baztertzen.

Uste da neskaren heriotza istripu bat izan litekeela eta, ondoren, mutilak bere buruaz beste egin izango zuela, edo, kasurik lazgarrienean, genero indarkeriako kasu bat izan litekeela. Segurtasun kamerek lagundu lezakete gertaerak argitzen. Mutilak arma baimena zuen eta sarritan joaten zen tiro eremura; bertan lehiaketak egin izan dira, baita nazioartekoak ere.

Bi gazteak, 21 eta 24 urtekoak, Granadakoak ziren. Hilotzak Osasunaren Teknologia Parkeko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, jada goizaldean.

Iturria: Cadena SER
scroll