Jennifer

Ángela Alonso-(r)en eskutik

  • Jennifer
  • 47 urte
  • Tenerife
  • 20/01/18

Emakume bat hil dute gaur gauean bere etxean, Tenerifeko (Espainia) Los Realejos herrian. Ustezko hiltzailea bikotekide ohia da. Emakumea, 46 urtekoa, 2018an Espainian indarkeria matxistarengatik hil den lehen pertsona da.

Bizilagunek Los Realejoseko Udaltzaingoari deitu zioten emakumea eta bikotekidea eztabaidan ari zirelako larrituta, eta udaltzainek, etxera iritsi zirenean, emakumea hilik aurkitu zuten, ustez bikotekideak arma zuriarekin egindako hainbat zaurirekin.

Ustezko hiltzailea oso larri dago, zirkulazio istripua izan zuelako iparraldeko autobidean, antza denez ihesi zihoala.

Bien alaba, 9 urtekoa, etxean zegoen guztia gertatu zenean. Ustezko erasotzaileak alaba senitarteko baten etxean utzi zuen ihesari ekin aurretik, eta bertan aurkitu dute.

Ikerketako iturriek adierazi dutenez, hildako emakumeak 46 urte zituen eta venezuelarra zen, eta bikotekideak 68 urte ditu eta Tenerifekoa da.

Biktimak urtarrilaren 8an jarri zuen ustezko hiltzailearen aurkako salaketa, genero indarkeriagatik. Hitzezko erasoengatik jarri zuen salaketa, hain zuzen, baina adierazi zuen ez zuela babes neurririk behar.

Hala eman du jakitera larunbat honetan Guillermo Díaz Guerra Gobernuaren Santa Cruz Tenerifeko ordezkariordeak: Puerto de la Cruzeko Polizia Nazionalaren Komisarian genero indarkeriagatiko salaketa bat jaso zuten joan den urtarrilaren 8an. Poliziek artatu zutenean, emakumeak adierazi zuen ez zuela babes neurririk eta urruntze agindurik behar”, adierazi du, eta gaineratu du soilik hitzezkoa izan zen eraso bat deskribatzen zela salaketan.

Aditzera eman duenez, datu horiek kontuan hartuta, arrisku txikiko kasutzat hartu zen. “Dena den”, jarraitu du esaten, “bi egunen buruan epaiketa azkar bat egin zen eta guardiako epaileak auzia artxibatu zuen”.

Iturria: EITB
scroll