Dolores

Laura Miner-(r)en eskutik

  • Dolores
  • 68 urte
  • Zaragoza
  • 06/09/18

Goizeko lehen orduetan emakume bat hil dute Zaragozan, eta erasotzaileak, ustez haren senarra, bere buruaz beste egin du, Polizia Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez. Emakumea arma zuriz egindako zaurien ondorioz hil da. Dolores zuen izena, 68 urte zituen, erretiratutako medikua zen eta endekapenezko gaitz bat zeukan. Ustez, senarrak hil du Dolores, 67 urteko gizonak, eta jarraian etxeko leihotik behera bota du bere burua. Ordu batzuk geroago gizonaren amaren hilotza aurkitu dute; 92 urteko emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak zeuzkan.

Halaxe azaldu du gaur, osteguna, prentsaurrekoan, Aragoiko Gobernuko ordezkari Carmen Sánchezek, zeinak adierazi baitu goizeko 8:00etan abisu dei bat jaso dutela 112 larrialdi zentralean, gizon bat Casablanca auzoko eraikin bateko leihotik behera erori dela ohartarazteko.Pertsona horren etxebizitzara sartzean, poliziakideek emaztearen gorpua aurkitu dute, eta “indarkeria zantzu agerikoak” zituela ikusi dute.Sanitarioak gizona suspertzen saiatu dira, baina heriotza berretsi besterik ezin izan dute egin 9:00ak baino zertxobait lehenago.

Ondoren, Carmen Sánchez Gobernuko ordezkariak gertaeraren berri emateko egin duen prentsaurrekoaren ostean, Polizia Nazionalak hiltzailearen amaren hilotza aurkitu du haren etxean, Zaragozako erdialdeko barrutian. Gizonak ohar bat idatzita utzi du bere burua leihotik behera bota aurretik. Bertan azalduta zeuden bi hilketak, baina ez da ezagutzera eman mezuaren edukiaren gaineko datu gehiago.

Sánchezek adierazi du ez zegoela aurretiko salaketarik, eta azaldu du gizonak ustez idatzi bat utzi duela, baina ez dakitela ohar horrek zer zioen. Senar-emazteak erretiroa hartutako medikuak ziren, eta haien familiak jada jaso du gertatutakoaren berri, ez baitzen haiekin bizi. Gobernuko ordezkariak argi eta garbi adierazi du “emakumearen aurkako indarkeria ororekiko gaitzespen erabatekoa”. “Ez zaigu zenbaketa egitea atsegin, ez baitira zenbakiak”, beren bikotekideek hildako pertsonak baizik, hala nola Raquel eta Dolores, baina “2003az geroztik, 954 emakume hil dituzte” Aragoin.

Iturria: El Confidencial
scroll