Biktima “ez-ofizial” guztiei

Asier

Sandra Garayoa-(r)en eskutik

  • Asier
  • 28 urte
  • Donostia
  • 12/08/18

Asier Niebla Martínez gaztea ostiralean zendu zen, bi hilabete koman igaro ondoren, eta gertaerak samin handia eragin du Gipuzkoa osoan. Asierrek, 28 urteko gazteak, eraso bortitz eta ulertezin bat jasan zuen Donostiako Alde Zaharrean, abuztuaren 12ko goizaldean, Aste Nagusiko jaietan, taberna baten kanpoaldean neska batekin hitz egiten ari zen bitartean. Gaur emango diote azken agurra gazteari Urnietako San Migel parrokian arratsaldeko 19:00etan egingo den hileta elizkizunean.

Donostiako eta zendutako gaztearen herria zen Urnietako udaletako bozeramaileen batzordeek adierazpen instituzional bat egin zuten gaztearen heriotza “gaitzesteko eta arbuiatzeko”, zeina “eraso matxista baten biktima” izan baita; izan ere, dirudienez, erasotzailea hildako gaztea hizketan ari zen neskaren bikote ohia zen.

Erasoaren ondorioz, biktima Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten koma egoeran. Udaltzainek hurrengo egunean atxilotu zuten erasotzailea, eta epaileak hura espetxeratzeko agindua eman zuen, lesio larrien delitu baten salaketapean. Bi hilabetez koman egon ondoren, gaztea ostiralean zendu zen.

Donostiako Udalak bere egin zuen Urnietako Udalaren adierazpen instituzionala eraso matxista baten biktima izandako Asier Niebla Martínez urnietar gaztearen heriotza salatzeko eta arbuiatzeko. Adierazpen horretan, bi udal horietan ordezkaritza duten talde politikoek “gaitzespen eta arbuiorik irmoena” adierazi dute gaztearen hilketagatik, “Donostian orain dela bi hilabete izandako eraso matxista batean jasandako zauriak ezin gainditu ostean” hil baitzen.

Testu horretan, udalek “babesa, elkartasuna eta maitasuna” helarazten diete Asierren senideei eta lagunei “bizitzen ari diren egoera garratz horretan”, eta, era berean, indarkeria matxistari lotutako ekintza oro irmo gaitzesteko eta arbuiatzeko konpromisoa berresten dute. Horrez gainera, “indarkeria matxistaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku hartzeko konpromisoa” berretsi zuten, eta harekin amaitzeko “neurriak babesteko eta bultzatzeko” borondatea azpimarratu zuten.

Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak ere irmotasunez gaitzetsi zuen erasoa, eta elkartasuna adierazi zien biktimaren senideei eta hurbilekoei, laguntza ere eskainiz. “Zoritxarrez, indarkeria matxista oraindik ongi errotuta dago gure gizarte egituran, eta horrek hainbat kalte eragin diezaieke gertaeretan zuzenean nahiz zeharka inplikatutako pertsonei” adierazi zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendari Miren Elgarrestak. - N.G.

Iturria: Noticias de Gipuzkoa
scroll