Josefa

Susana Blasco-(r)en eskutik

  • Josefa
  • 43 urte
  • Granada
  • 17/06/18

Atzo, larunbata, 43 urteko emakume batek bi tiro jaso zituen etxeko ateetan, ustez senarrak su eginda, eta gaur arratsaldean hil da. Gizona, 53 urtekoa, emakumeari tiro egin eta minutu gutxira atxilotu zuen Guadahortuna-ko Guardia Zibilak, eta Granadako Komandantziako kalabozoetan dago orain, epailearen esku jarri bitarte.

Arratsaldeko hiruak pasatxo zirenean gertatu zen hilketa, Guadahortunako Ocón kalean, herriko udaletxetik metro gutxira. Gizonak gutxienez bi tiro eman zizkion, ustez, emazteari: bata, buruan, eta bestea, sabelean. Emakumea zerraldo erori zen etxeko ateetan, eta su arma laburrarekin egindako tiroen egileak alde egin zuen herriko beste auzune batean gordetzeko asmoz.

Urteak zeramatzaten ezkonduta, baina tarteka bakarrik bizi ziren elkarrekin, elkarren arteko tirabirak zirela medio. Hiru seme-alaba zituzten: bi adin nagusikoak, eta bat nerabea.

Biktimak ez zuen inoiz senarraren aurkako salaketarik egin genero indarkeriagatik, baina herrian jakina zen bien artean liskarrak izaten zituztela eta, halakoetan, tiroen usteko egilea etxetik joaten zela behin-behinena. Horixe eman diote jakitera egunkari honi Guadahortunako biztanleek. Guardia zibilek lortu dute ustez tiroak egiteko erabilitako arma laburra eskuratzea, eta, antza, gizonak ez zuen baimenik ez pistola hori ez bestelako su armarik izateko. Gizonak ez du aurrekari penalik.

Iturria: Ideal
scroll