Estela

Gato Urbistondo-(r)en eskutik

  • Estela
  • 35 urte
  • Barcelona
  • 01/04/18

Estela Izaguirre, 35 urteko emekume hondurastarra, Ciutat Meridianako (Bartzelona) bizilaguna, indarkeria matxistaren laugarren biktima da Katalunian 2018an. Mutil-lagunak, Didier Calderón izeneko 27 urteko hondurastarrak, sastakatuta hil zuen bere logelan atzo goizaldean. Bizirik eraman zuten Vall d’Hebron ospitalera, baina gaur eguerdian hil da.

Estelaren pisukide bat etxean zegoen erasoa jazo zenean, eta hark hots egin zien mossoei goizaldeko 04:00etan. Abisuari erantzun zion lehenengo patruilak larriki zaurituta aurkitu zuen emakumea. Baina ordurako Didier alde egina zen, zoruan odol arrasto bat utzita, biktimari eraso jotzean eskuan egindako zauriaren ondorioz.

Mossoak hura bilatzen hasi aurretik, Didier itzuli egin zen. Estelaren ataritik irteten zen odol arrastoa etxetik 200 bat metrora kokatutako iturri batera iristen zen. Bertan, Didier garbitu egin zen, eta, polizia neska-lagunaren etxean zegoela ikusirik, hara itzultzea erabaki zuen. Lesio delitu batengatik atxilotu zuten Didier, baina orain, Estela hil ostean, hilketa delituagatik eramango dute epailearen aurrera.

Estelak eta Didierrek pare bat urte zeramatzaten elkarrekin. Atzo, ordu txikiak arte egon ziren taberna bateko terrazan, emakumearen etxe azpian; Nou Barris barrutiko Vallcivera kaleko 22. zenbakiko solairuarte batean bizi zen. Bizilagunek azaldu dutenez, emakumea duela bost urte iritsi zen Hondurastik Bartzelonara, adineko emakume bat zaintzen lan egiten zuen eta duela bi urte hasi zuen harremana Didierrekin, zeinak alaba bat duen aurreko harreman batekoa. Esan dutenez, elkarrekin zeudenean ondo moldatzen zirela ematen zuen, eta mossoek ez dute jasota tratu txarrengatiko inongo salaketarik.

Estelak berak lau egun lehenago Facebooken iragarri zuenaren arabera, elkarrekin ezkontzea erabaki zuten. (…) Azkenean esan dezaket: bai, niretzat onartzen zaitut (…) aurrez esaten dizut baietz, zure emaztea izan nahi dudala bizitza osorako, nire Didier maitea”, idatzi zuen biktimak.

Vallcivera kaleko etxebizitza bloke gehienak babes ofizialekoak dira, eta 60ko hamarkadan eraiki ziren, azaldu du Carmenek, Kataluniara 15 urte zituenean, etxe horiek eraiki berriak zirenean, iritsitako cadiztarrak. Gaur egun, Bartzelonako txoko horretan dago hiriko per capita errenta txikiena, eta, higiezinen burbuilaren nahiz haren ondotik etorritako krisi ekonomikoaren ondorioz, auzoko biztanleria aldatu egin zen: hasierako espainiar jatorriko biztanleek alde egin zuten, eta etorkinak pilatu dira bertan, Magreb ingurukoak eta Latinoamerikakoak.

Iturria: El Periódico
scroll