Doris

Ruth Juan-(r)en eskutik

  • Doris
  • 39 urte
  • Murcia
  • 11/04/18

39 urteko emakume kolonbiar bat hil da gaur arratsaldean Murtzian, ustez bikotekideak sastakatuta. Ustezko hiltzailea nazionalitate bereko 46 urteko gizon bat da. Bikoteak zenbait seme-alaba zeuzkan, eta artatu egin behar izan dituzte, antsietate krisiak jota. Aita krimena jazo eta gutxira atxilotu du Polizia Nazionalak. Polizia Nazionaleko eta Murtziako Gobernuko Segurtasun eta Larrialdi Zuzendaritza Nagusiko iturrien esanetan, hilketa 15:50ak aldera gertatu da, Orihuelako Puerta kalean, La Fama auzoan.

Gurutze Gorriko iturrien arabera, ustezko hiltzailea eta biktima Gurutze Gorriak Murtziako Eskualdean garatzen duen errefuxiatu programako” kideak ziren. Programa horrek gatazkan dauden hainbat herrialdetako pertsonak hartzen ditu, hala nola Kolonbiakoak. Radio Murcia irratiak jakin ahal izan duenez, emakumea tutoretzapeko pisu batean bizi zen Murtzian, jaioterrian FARCen gerrillekin izandako gertaera biolento batean seme-alabetako bi galdu ostean.

112 telefonoan zazpi dei jaso dituzte sastakadaren berri ematen. Gertaeraren ostean, ustezko erasotzaileak korrika ihes egin du, baina Polizia Nazionalak Maiatzaren Lehena etorbidetik hurbil harrapatu eta atxilotu du, Udaltzaingoaren laguntzaz. Gertaeraren tokira hurbildu diren Murtziako Osasun Zerbitzuko bi anbulantzietako langile medikoek emakumearen heriotza berretsi besterik ezin izan dute egin. Bizilagunek esandakoaren arabera, emakumeak bi hilabete inguru zeramatzan etxe horretan bizitzen bere alabekin, baina ustezko hiltzailea, ordea, ez zuten inoiz ikusi.

Udaltzaingoak eskatuta, 112 zerbitzuak Babes Zibileko psikologo talde bat ere bidali du gertaeraren tokira, biktimaren senideak artatu ahal izateko: 25 eta 17 urteko alabak eta urtebete baino gutxiagoko haurtxo bat, hurbileko iturrien eta bizilagunen arabera, zeinak dioten gauetan haurtxo bat negarrez entzuten dutela.

Etxebizitza multzo horietako batean bizi da Cambiemos Murcia taldeko zinegotzi Ignacio Tornel, eta, hark kazetariei kontatu dienez, behin bakarrik ikusi zituen biktima eta haren alabak, etxe sailen barruko patio lorategidunean. Era berean, adierazi du beste bizilagun batek aipatu diola osasun zerbitzuak heldu aurretik pultsua hartu diola emakumeari eta konturatu dela “ez zegoela zer eginik”. Emakumea korrika eta garrasika sartu da hainbat eraikinen artean kokatuta dagoen eremu lorategidunean, eta zerraldo erori da. Odol putzu bat geratu da bertan.

Iturria: El Periódico
scroll