Andrei

Diego Besné-(r)en eskutik

  • Andrei
  • 9 urte
  • Almería
  • 20/04/18

Joan den ostiralean, gizon batek bere burua Guardia Zibilaren aurrean aurkeztu zuen, ustez bederatzi urteko semea hiltzeagatik sastakada batez El Ejido udalerriari atxikita dagoen Balerma biztanlegunean (Almeria). Aurreikuspenen arabera, astelehenean utziko dute epailearen esku.

Horixe adierazi diote Guardia Zibileko iturriek Europa Press agentziari, eta El Ejidoko Udalak jakinarazi du etxebizitza bat jarri dutela hildakoaren amaren eta anaiaren eskura, eurena zigilatuta dagoelako. Horrez gainera, laguntza psikologikoa eskaini die senideei.

Ikerketako eta 061 telefonoko iturriek Europa Press agentziari adierazi diotenez, gertaera ostiraleko 16:15ak baino lehen jazo zen Itsaso kaleko 61. zenbakian, El Ejidoko itsas pasealekutik hurbil, nahiz eta adingabearen gorpua 20:00ak baino pixka bat lehenago jaso zuten, segizio judiziala iritsitakoan.

Ezbeharraren lehenengo datuak aintzat hartuta, krimena ustezko parrizidio bat izango litzateke, eta ez genero indarkeriako kasu bat, Guardia Zibilak egindako miaketen arabera. Atxilotua Guardia Zibilak El Ejidon duen Santo Domingoko kuartelera eraman zuten.

Osasun larrialdietako talde bat bertaratu zen gertaera jazotako tokira, baina ezin izan zuen ezer egin adingabearen bizia salbatzeko, eta El Ejidoko Hospital de Poniente ospitalera eraman zituzten hildakoaren ama eta anaia, hamabi urteko beste adingabe bat, antsietate krisi larri batek jota, bi-biak.

Atxilotua, errumaniarra berau, emaztearen antzera, etxebizitzaren barruan zegoen, adingabearen gorpua aurkitu zuten tokian. Hildakoa Espainian jaioa zen, anaiaren antzera. Lehenengo aztarnen arabera, ez ama eta ez anaia ez zeuden etxean hilketa gertatu zen unean.

Gertaerak noiz argituko eta ustezko hiltzaileari aitorpena noiz hartuko zain, Polizia Judizialeko kideek etxebizitza arakatu zuten, frogak biltzeko. Bestalde, El Ejidoko Lehen Instantzia eta Instrukzioko 4 zenbakidun epaitegiko titularrak esku-hartzeen gaineko sekretua agindu du.

Iturria: Cadena SER
scroll