Adela

Marc Pe-(r)en eskutik

  • Adela
  • 44 urte
  • Málaga
  • 13/02/18

Atzo gauean emakume bat hil zen, mutil-lagunak sastatuta bere etxean, La Viñuelan. Beste krimen matxista bat izan zen. Biktima, María Adela Fortes Molina, 44 bat urteko etxekoandre alargun bat zen. Zauri ugari omen zituen, arma zuriz egindako ia 30 sastakada.

Gertaera gauerdia baino pixka bat lehenago jazo zen. Abisua jaso ostean, Guardia Zibileko zenbait agente biktimaren etxera joan ziren –Los Romanes alkate auzoan kokatua–, eta, krimen bat izan zela egiaztatu ostean, martxan jarri zuten ustezko hiltzailea, emakumearen bikotekidea, aurkitzeko operatiboa; lekuko batzuek handik autoan ihes egiten ikusi zuten hilotza aurkitu baino zertxobait lehenago.

Biktimaren semeak poliziakideei adierazi zienez, orain atxilotuta dagoen gizona etxetik irten eta bere ibilgailuan alde egiten ikusi zuen 18:00ak aldera, eta odol arrasto bat aurkitu zuen, ustezko hiltzaileak autoa aparkatuta zuen tokitik hilotza zegoen tokiraino zihoana. Biktimak eta haren ustezko erasotzaileak –J.M.O.T.–, espainiarrak bi-biak, bikote harreman bat hasi zuten hilabete gutxi batzuk lehenago.

Guardia Zibilak antolatutako operazioak berehala eman zuen emaitza, eta susmagarria Marbellan topatu zuen bertako Udaltzaingoak. Jantziak odoleztatuta zeuzkan. Ustezko hiltzailea Malagako Guardia Zibilaren komandantzian dago, eta datozen orduetan Vélez Málagako Emakumearen Aurkako Indarkeriaren arloko 1 zenbakidun Auzitegiko titularraren aurrera eramango dute.

Vélez Málagako Polizia Judizialeko Taldeko agenteek, Pertsonen Aurkako Delituen Taldeak eta Malagako Guardia Zibilaren Komandantziako Polizia Judizialeko Unitate Organikoko Emakume-Adingabe Taldeak (EMUME) egin dute ikerketa.

Biktimaren hurbilekoak nahigabetuta zeuden gaur krimenarengatik. Antza denez, bizilagun batzuen esanetan, María Adelak duela hilabete gutxi ezagutu zuen bikotekidea Internet bidez. «Oso pozik zegoen, ilusioz beteta, baina kontuz ibiltzeko esaten genion, ez zuela ezagutzen, polizia zela esan bazion ere». Familiak ez omen zuen begi onez ikusten harremana. María Adelaren bizilagunek diotenez, duela lau urte alargundu zen, senarra bat-batean hilda bihotzeko arazo batengatik.

Iturria: Diario Sur
scroll